Kabia Teatro konpainiak, Arriaga Antzokiarekin ekarlanean, arte eszenikoko profesionalei eta ikasleei zuzendutako ikastaroa antolatu du. Ikastaroa J. Ed Araiza-k eta Barney O’Hanlon-ek emango dute, biak ere, New Yorkeko SITI Company-ko kideak.
SITI konpainia Anne Bogart-ek eta Tadashi Suzuki-k eratu zuten 1992an AEBetan antzerki garaikidea birzehazteko eta suspertzeko, nazioarteko kultur elkartrukean eta elkarlanean enfasia jarriz.
SuzukI metodoak, nazioarte-mailan goraipatua izan den Tadashi Suzuki zuzendariak eta Suzuki Company of Toga bere konpainiak garatuak, aktorearen entrenamendua du helburu nagusi giza gorputza, bere osotasunean, antzerki-testuinguruan berrezarriz eta aktoreak berezko dituen adierazpen-gaitasunak bistaratuz.
Viewpoints (ikuspegi eszenikoak) inprobisazio-teknika bat da, dantza posmodernoaren mundutik sortua. Mary Overlie koreografak artikulatu zuen lehenengo aldiz; dantzariek bi alderdi nagusirekin –denbora eta espazioa– egin behar izaten dute borroka eta horrek sei kategoriatan banatu zituen. Hurbilpen horri sei Viewpoint-ak deitu zion. Une horretatik aurrera, Anne Bogart zuzendariak eta SITI Company-k euren nozioak hedatu dituzte eta aktoreentzako moldatu dituzte.
Proiektu pedagogikoak: Suzuki eta Viewpoints SITI Company-rekin
LEKUA:
Arriaga Antzokiko Areto Nagusia
DATA:
2016ko irailak 12tik 17ra
IKASLEAK:
Gehienezko ikasle-kopurua 26koa izango da
INFORMAZIOA ETA MATRIKULA:
www.kabiateatro.eus / kabia-teatro@kabia-teatro.com / 0034 656727 946