ORGIAz hitz egitea Pasoliniz hitz egitea da. Haren aztarna nabarmen-nabarmena da obran. Hala ere, hura bezalako artista handi bat, goitik beherako sortzaile bat, ezin da kapsulatu. Pasolinik erraietatik ateratzen du artea, eta, aldi berean, sekulako sakontasun filosofikoa —eta baita espirituala ere— ematen die bere obrei. Salò eta Orgia filmei Pasoliniren pentsamendua darie, bai eta Il Vangelo secondo Matteo ahaztezinari ere, zeinak Egoitza Santuaren beraren laudorioak jaso baitzituen. Honela definitu zuen Vatikanoak filma: «Jesu Kristori buruz inoiz egin den zinema-obrarik onena».
Izan ere, artista poliedriko batez ari gara: guztiz libertarioa eta, aldi berean, katolizismoa hagitz errespetatzen zuena; bizimodu gorabeheratsukoa eta, horrekin batera, introspekzio eta pentsamendu sakonen jabea. Pasolini. Hasieran adoratu eta, areago, ikurtzat erakutsi zuen ezkerrak tratu txarra eman zion gero (ez dezagun ahaztu Italiako Alderdi Komunistatik bota zutela «lotsagarrikeria moralagatik», hau da, homosexuala izateagatik); eta, faxistek jazartzen zuten bitartean, eskuineko sektore batzuek aldarrikatu egiten zuten. Azken buruan, horixe da libre izatea, agian: atxikimendu dogmatikorik gabe bizitzea, nor bere buruarekin eta bere kontraesanekin leiala izatea. Eta, jakina, zure obrak hori guztia erakusten duenean eta jendearen iritziaren aurrean jartzen denean, etiketak sortzen dira… denak egiazkoak, denak gezurrezkoak. Nori axola zaio? Pasoliniri ez, ziur.
Orgia opera berri bat da, Hèctor Parrak propio konposatu baitu, Bilboko Arriaga Antzokiak, Gran Teatre del Liceuk eta Pereladako Jaialdiak eskatuta. Hiru erakundeak dira ekoizleak. Calixto Bieitok egin du libretoa, eta ikuskizuna hiru abeslarirentzako eta puntako instrumentu-taldearentzako pentsatuta dago. Munduan ospetsua den Pariseko Ensemble Intercontemporain da talde hori. 1976an sortu zuen Pierre Boulez musikagile, orkestra-zuzendari eta intelektual handiak. Taldea 2000. urtean izan genuen Arriagan, Pierre Boulez izenburua zuen kontzertua eskaintzen, Bilboren sorreraren 700. urteurrenerako antolatutako hamabi kontzertuko zikloaren barruan. Oraingoan, benetako luxua da Ensemble Intercontemporainek proiektu propio berezi honetan parte hartzea. Orgia du izenburua eta Pier Paolo Pasoliniren antzezlan hunkigarrian dago oinarrituta. Abeslari bakarlariei dagokienez, Ausrine Stundyte soprano lituaniar bikaina izango dugu agertokian, Leigh Melrose baritono ingelesarekin batera. Biak ala biak entzutetsuak dira egungo lirikan, eta lehenago ere lan egin dute Bieitorekin. Haiekin bat egingo du Jone Martínez sopranoak. Aurretik ere gozatu izan dugu Martínezen ahotsaz, Arriaga Antzokiaren beste proiektu batzuetan parte hartu baitu, besteak beste, Bieitok berak zuzendutako Vivaldi, poema para cuerda y dos voces lanean.
Opera berri honen aurrekari dira Calixto Bieito eta Hector Parra elkartu zituzten bi opera-lan, Wilde (2015) eta Les Bienveillantes (2019), eta Pereladako Jaialdiaren proposamena. Orgia antzezlanaren jatorrizko testutik abiatuta, operak forma lirikoan jaso du poetika musikala. Hala, doinu bihurtutako Pasoliniren hitza oso baliotsua izan da musikagilearen lanerako: poesiaren eta musikaren arteko elkarrizketa lagungarria da «maila handiko ekintza adierazkor eta zehaztezina, errealitateko ekintzen antzekoa» erdiesteko, Pasoliniren esanetan.
Bere drama pertsonala salatzeko, Orgia laneko gizonezko pertsonaia urkatu egingo da emakume-arropak jantzi ondoren. Izan ere, bere bizitzako azken uneetan homosexuala dela onartuko du, eta bere buruaz beste egitea ekintza salatzailea da. Aukera bat da gizartea salatzeko, intolerantea, hipokrita eta ankerra baita finkatutako arauetatik kanpo daudenekin, mespretxatu egiten ditu. Bere buruaz beste eginda, horrelako pertsonak baztertzen dituen arrakala gaindiezinaren lekukotza ematen du.
Errealitatea modu hunkigarrian barneratzen duen poesia sublimea erakusten duten bertsoen bidez, Pasolinik salatu egiten du faxismoak hor dirauela, eta kontsumo-kulturaren bidez gizarte modernoan dagoen humanitate-arrasto oro ezabatzen duela. Salò o los 120 días de Sodoma (1975) lanari aurrea hartuta, Orgia (1966) testuan lagun hurkoa sadikoki eraisteko erabiltzen dira maitasuna eta sexua. Logelaren barruan, leku itxian, arrazoiaren eta ametsen munduen arteko trantsizio lausoan, estutasunaren eta alhaduraren itzal ilunak zabaltzen direnean, protagonistetako bat den ama gaztea senarrarekiko lotura-kateak haustear da, bere gorputzean «aire ufada irrigarria» sentitu ondoren. Bere buruaz beste egin baino lehen, Medearen ekintza izugarria burutuko du bi semeak erailda.
Estreinaldi mundiala Arriaga Antzokian.
Azpitituludun ikuskizuna.
Hèctor Parraren erakusketa
Orgiaren estreinaldiari balio erantsia emateko, hilaren 22an eta 24an Arriagara joaten diren ikusleek opera berri horri lotutako erakusketa bat ikusi ahal izango dute Areto Isabeldarrean, antzokiko foyerraren ondoan, lehenengo solairuan. Tortso helenistikoen hamasei sangina egongo dira ikusgai, Hèctor Parra konpositoreak berak egindakoak, Villa Medicin – Erroman dagoen Frantziako Akademian egindako egonaldian zehar. Konpositoreak tortso horiek beren ahotsak entzuteko marraztu zituen, beren barne tentsioak eta kanpoko erritmoak ukitzeko, eta, horrela, Orgiako bi protagonistei bizia ematen dien irudimen lirikoa pizteko. Hèctor Parrak zehatz-mehatz aztertzen du lingua del corpo hori, gure kulturaren oinarrietan datzana, plastikoki eta keinuz zuzenean eta bistakoa den moduan adierazteko. Pintzelkada bakoitzaren norabidea sumatzen da, zer energiarekin egin den, eta baita besteekin duen harremana ere. Horrela, iragana esploratzeko modu pasoliniar erradikal eta bereizgarrian inspiratzen da, orainari argi berri bat emanez, zeinak gu etorkizunerantz proiektatzeko ahalmena baitu. Erromako museoetan egiten zuen marrazketa saio bakoitzaren ondoren, konpositoreak jatorrizko pieza greziar eta erromatarren aurrean bizitako egoera psikologikoak estudiora eraman zituen. Eta horrela, Calixto Bieitok moldatutako Pasoliniren Orgiaren testuaren aurrean, lirismoa sortu zuen, zeina Leigh Melrose, Ausrine Stundyte eta Jone Martínezen operako ahotsen bidez adieraziko baita.
Taldea
Pier Paolo Pasoliniren Orgia antzezlanean (1968) oinarrituta.
Musika: Hèctor Parra.
Eszena zuzendaritza eta libretoa: Calixto Bieito.
Musika zuzendaritza: Pierre Bleuse.
Ahots bakarlariak: Ausrine Stundyte, Leigh Melrose, Jone Martínez.
Musika-taldea: Ensemble Intercontemporain (Paris).
Eszena zuzendariaren eta eszenografoaren laguntzailea: Lucía Astigarraga.
Musika zuzendariaren laguntzailea: Iker Sanchez Silva
Argiztapenaren diseinua: Michael Bauer.
Eszenografia eta jantziak: Calixto Bieito.
Jantziak eratzea: Oscar Armendariz.
Koprodukzioa: Teatro Arriaga Antzokia, Gran Teatre del Liceu, Festival Castell Peralada.
Saioak
22 - 19:30.
24 - 19:00.
Prezioa
21 - 45€ /beherapenak
Arriagaren lagunek:% 25etik % 35erainoko DESKONTUA.
Taldeek, gazteek, 65 urtetik gorakoek, langabetuek, familia ugariek eta % 33tik gorako desgaitasuna dutenek:
% 25eko DESKONTUA.
Azken orduko deskontua (aipaturiko kolektiboentzat, Arriagaren lagunentzat eta taldeentzat izan ezik):
% 50eko DESKONTUA
Azken orduko deskontua Arriagaren lagun gazteentzat:
% 70eko DESKONTUA.
Desgaitasuna duten pertsonek gurpil-aulkia badarabilte:
% 50eko DESKONTUA (eszenaurreko palkoan eta laguntzaile batekin).
Iraupena
85 min.