Kontzertuak

Ken Zazpi: Phoenicoperus

Ken Zazpi taldearen bira berriaren eta azken lanaren mundu mailako estreinaldia.

2016ko urtarrilaren 08tik 09ra

Ken Zazpi taldearen bira berriaren eta azken lanaren (beren karrerako zortzigarrena) mundu mailako estreinaldia Bilboko Arriaga Antzokian.

Ken Zazpi da Euskal Herriko pop-rock talde ezagunenetako bat, eta halaxe frogatzen dute bai prentsa espezializatuak eta bai talde honen diskoak milaka erosten dituen publikoak. Funtsezko eta benetako talde batek oinarrizko ezaugarri batzuk bete behar ditu: abesti iradokitzaile eta eraginkorrak sortzen jakin behar du, gai izan behar du kalitate oneko interpretazioak egiteko, eta soinu-ekoizpen sistema egokiak erabili behar ditu abestiek barruan duten indar guztia azaleratzeko. Hori dela eta, hala diskoan nola zuzenean Ken Zazpik ederki jakin du bere publikoaren arreta gatibatzen: konposizio bikainak, lelo pipertsuak eta aire kontsolagarriko hitzak, bizipoz eta sentimendu sakonen sorrarazleak entzulearen bihotzean.

 

Euskadiko Orkestrarekin sinatutako disko gogoangarri hura argitaratu zenetik urte bi igaro direnean, Ken Zazpi-k taldearen proiektuari aparteko kemenaz heldu dio berriro ere, eta honako Phoenicoperus honetan agertzen du bere sorkuntza berria.

Gure inguruan jazotzen diren krisialdiek, pertsonalak zein gizartearenak izan, izua sortzen diguten arren, garaiak itxi eta, adore berrituaz, aro berriak zabaltzeko balio izaten dutela diote. Bizitza, musika bezala, etengabeko birjaiotzea da.

Sinbologia honi heldu dio oraingoan Gernikako taldeak, lan berria aurkezteko unean. Dena errautsetara doa, maitasuna, askatasuna eta heriotza izan ezik, konstante unibertsal hauek beti ari baitira birsortzen pertsonaren gogo-bihotzean, bere urratsen gidari bilakatzeko, gaueko izarren dirdirak dagien moduan. Diskoaren izenburutik hasita barruko mamiraino, nortasun hori azaldu nahi izan du Ken Zazpi-k, hamar eguzkiren antzera konposatu dituen hamar abesti berri hauen bidez.

Phoenicoperus diskoa 2015eko abuztutik irailera bitartean grabatu da Higain estudioan, Haritz Harreguy-rekin, Ricky Falkner ekoizlearen gidaritzapean.
Ekoizpenaren zentzuak sendotasuna gehitu dio taldearen berezko ahalmenari. Oso taldearena den pop-rock-psikodeliaren unibertsoa eraberritzen lagundu du Ricky Falknerren lanak, berez handiak ziren kan-tak haratago handituz.

Eta azkenean, barru-barrutik, hunkitzeraino heltzen gaituzten kanta zabalak aurkezten dizkigu Ken Zazpi-ren lan berriak, taldeak emozioak eta intentsitateak orekatzeko ohi duen abileziaz moldatuta, abestiok gure barnean behin eta berriro piztu daitezen ekoiztuta. Diskoak, bidaia batean eramango bagintu bezala, pasarte eta momentu ezberdinez harritzen eta asaldatzen gaitu, soinu anitzak, erritmo hiptonizatzaileak eta kolore aberatsen xehetasunak erakutsiz, guztiz zaporetsu eta erakargarria suertatzen den lan borobil bat osoturik.

 

IRAUPENA: 2 ordu

 


Taldea


Eñaut Elorrieta (ahotsa eta gitarra)
Igor Artzanegi (baxua)
Beñat Serna (gitarra)
Iñaki Zabaleta (teklatuak)
Jon Fresko (bateria)
Ruben Caballero (gitarra elektrikoa)

Saioak

 

Prezioa

12-20 euro / Beherapenekin

Iraupena

2 ordu

TOP