Oratorio eszenaratua

CAIN, OVERO IL PRIMO OMICIDIO

Alessandro Scarlatti

Scarlattiren musika bikainak gure kulturako lehenengo senide-hilketara eramango gaitu, bidaia itzelean.

2023ko apirilaren 15a

Barrokoko musikagileek biziki miretsi zuten Alessandro Scarlatti; ahots-musikako konpositore handitzat zuten, maisutzat, paregabea baitzen poesiaren inflexioak musikaren bidez adierazten. Ahots-musikako lan ugari sortu zuen —600 kantata inguru, 120 bat opera eta 40 oratorio, gutxi gorabehera—, eta guztien artean nabarmena da «Cain, overo ll primo omicidio». 1707. urtean idatzi zuen Kontrarreformako lan modura, garai horretan antzezpenak erabat debekatuta baitzeuden Erroman, aita santuaren dekretuz. Hala ere, opera bat da, goitik behera. Venezian estreinatu zuten 1707an.

Ikuskizunak Napoliko jenioaren arteaz gozatzeko aukera ederra eskainiko digu. Gizakiaren lehenengo ekintza kriminalaren traman murgilduko gaitu, paradisuko giro idilikoan eta berezko giza sentimenduen borroka sakonean. Scarlattik askotariko izaerez eta afektuz janzten du musikalki pertsonaia bakoitza. Hala, diskurtso dramatikoa bidaia bilakatuko du, gure kulturako lehenengo senide-hilketara —Kainek anaia Abel hil zueneko Bibliako istoriora— eramango gaituen bidaia aparta. Sexua, krimena, drama eta umorea dira nagusi kontakizunean. Jainkoa eta deabrua azalduko dira eta borroka egingo dute giza arima eramateko. Emozioak eta grinak sukarraldien antzera adierazten dira arietan, kolorez eta xehetasunez beteriko musikaren bidez. Oratorio honetan daude mitoari egin diezazkiokegun oinarrizko galdera guztiak: Nola iristen da gaizkia mundura? Jainkoak zergatik jartzen dizkie probak gizakiei? Nola aurkitu bide zuzena? Gure zoriona fedearen mende jarri behar al dugu? Prozesuan, Kain gizaki alderraiaren ikur bihurtuko da, zalantza egiten duen eta bila dabilen gizakiaren ikur, baina, beste alde batetik, ezagutzaren jabe ere bada, eta maitatzeko eta desiratzeko gehiegizko ahalmen horrekin, gizakiaren beraren ikur ere izango da. Harekin batera konturatuko gara gure barnean bilatu behar dugula beti jainkotiarra dena eskatzen dugunean.

Arriaga Antzokiaren produkzio propio honetan, Carlos Mena kontratenor ospetsua arduratu da musika-zuzendaritzaz eta Tatjana Gurbaça, berriz, eszena-zuzendaritzaz. Gurbaça alemaniarra puntako zuzendarietako bat da nazioartean, eta mundu osoan egiten du lan, batez ere Europan. State Theatre Mainz-eko opera-zuzendaria izan zen. Bakarlari bikainek eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak interpretatuko dute Scarlattiren musika.

Azpitituludun ikuskizuna.


Taldea


Cain, overo Il primo omicidio (Venezia, 1707) – A. Scarlatti.
Konpositorea: Alessandro Scarlatti.
Libretoa: Pietro Ottoboni.
Musika-zuzendaritza: Carlos Mena.
Eszena-zuzendaritza: Tatjana Gürbaça.

Ahotsak
Adán: Josu Cabrero.
Eva: Sonia de Munck.
Jainkoa: Carlos Mena.
Kain: Christian Borrelli.
Abel: Lucía Caihuela.
Luzifer: Ferran Albrich.
Antzezleak

Jainkoa (Ama): Ane Guisasola.
Jainkoa (Alaba): Ainhoa Artetxe.
Luzifer: Gaizka Chamizo.

Orkestra: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS).

Argiztapena: Stefan Bolliger.
Escenografia: Stefan Heyne
Jantzi-diseinatzailea: Silke Willrett.
Produkzioa: Teatro Arriaga.

Saioak

15 - 19:00.

Prezioa

21 - 45€ /beherapenak

Arriagaren lagunek:
% 25etik % 35erainoko DESKONTUA.

Taldeek, gazteek, 65 urtetik gorakoek, langabetuek, familia ugariek eta % 33tik gorako desgaitasuna dutenek:
% 25eko DESKONTUA.

Azken orduko deskontua (aipaturiko kolektiboentzat, Arriagaren lagunentzat izan ezik):
% 50eko DESKONTUA

Azken orduko deskontua Arriagaren lagun gazteentzat:
% 70eko DESKONTUA.

Desgaitasuna duten pertsonek gurpil-aulkia badarabilte:
% 50eko DESKONTUA (eszenaurreko palkoan eta laguntzaile batekin).

Iraupena

115 min.

TOP