Kontzertuak

ANTTON VALVERDE

GAUA, AUSENTZIAREN ITZALA

Euskal musikaren erreferente handietako bat poesiaz betetako kontzertu batean.

2021ko urriaren 08a

Antton Valverdek, 80 urte betetzear dituela, Gaua, ausentziaren itzala disko bikaina argitaratu du. Lan horrek agerian uzten du haren bertuterik onena: euskal poeta handiak dotoreziaz musikatzeko gaitasuna. Poeta horien artean bi bizkaitar daude, musikariak ibilbide osoan lagun izan dituenak: Bitoriano Gandiaga eta, batez ere, Lauaxeta. Azken horren lanekin disko oso bat kaleratu zuen 1978an, eta beti egon da bere errepertorioan. Valverdek jarduera artistiko jarraitu eta lasaiari eusten dio, berezko duen dotoretasunaz, eta disko berri honetan berritasun harrigarriak eskaintzen dizkigu. Diskoari izena eman dion Harkaitz Canoren Gaua poema, adibidez. Gaztelerara eta ingelesera itzulita, olerki beraren hiru bertsio sortu dira.

Zuzeneko emanaldian, egitura klasikoko abestien moldaketa zainduak eskainiko dizkigu Antton Valverdek. Proposamen fina dakar, ahots goxoari eta pianoa jotzean duen sentsibilitateari hirukotea (biolina/biola – txeloa – akordeoia) batuta. Arriaga antzokiko kontzertua aukera paregabea izango da euskal kulturak eman duen musika-erreferenterik garrantzitsuenetako bat txalotu eta goraipatzeko.


Antton Valverde

(Donostia, 1943ko maiatzaren 21a). Urte askoan Xabier Leterekin batera kantatu du eta Julen Lekuonarekin ere aritu da. Hainbat euskal olerkariren hitzak musikatu ditu: Lizardi, Lauaxeta, Gandiaga, Xabier Lete…; baita bertso zaharrak ere.

Musika ikasketak egin zituen gaztetik: harmonia, konposizioa eta pianoa. Azken musika tresna hori izan da Antton Valverderen lagun fidela, ohiko gitarra erabili beharrean pianoz jantzi baititu musikatu dituen poemak.

60ko hamarkadan hasi zuen Valverdek musika ibilbidea. Hainbat disko txiki argitaratu ondoren, Oskarbi taldeko partaideetako bat izan zen eta parte hartu zuen haren Eskutari diskoan (Herri Gogoa, 1972). Horren ostean, Julen Lekuona eta Xabier Leterekin elkarlan emankorra hasi zuen. Haiekin Bertso zaharrak (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen, garai bateko bertsoak berreskuratu zituen lana. Handik bi urtera, bertsolaritza oinarri zuen beste disko bat argitaratu zuen, berriro ere Xabier Leterekin batera: Txirritaren bertsoak (Herri Gogoa, 1976), arrakasta handia izan zuen lana. Ordurako, bakarkako lehen disko luzea, Antton Valverde (Herri Gogoa, 1975), egina zuen Valverdek. Bertan zeuden, besteak beste, “Maitasunez hil”eta “Asaba zarren baratza” kantuak.

Hurrena, bere poeta kutunetako bati eskainitako diskoa eman zuen argitara: Lauaxeta (Herri Gogoa, 1978). Olerkaria beti izan da Valverderen iturri nagusietako bat. Lauaxetaren testuez gain, Xabier Letek, Bitoriano Gandiagak eta Joxean Artzek idatzitako poesiak erabili ditu maiz abestiak osatzeko. 1983an Xabier Lizardi poetari Tolosan eta Zarautzen egin zitzaion omenaldian aritu zen, Leterekin batera. Kantaldi hura Lizardiren poema gehiago musikatzeko akuilua izan zen. Horren ondorioz, oso disko berezia argitaratu zuen, Lizardiren obra bakarra eta osoa eskaini baitzuen Urte giroak ene begian diskoan (Elkar, 1986).

Lauaxetarekin batera Lizardi beti izan da musikari donostiarraren poeta kutunetakoa. Haiekiko zaletasuna txikitatik datorkio: “Etxean Lizardi betidanik ezagutu izan dut, nire aita zenak euskara ikasten zuen Lizardiren bertsoak irakurriz. Gure aitak bazuen magnetofoi bat eta hantxe grabatzen zuen Lizardiren obra guztia. Grabaketa edo irakurketa horietan gogoan dut beti Brahmsen musika erabiltzen zuela, bigarren sinfonia. Oroimen hori beti grabatua izan dut gogoan, eta horregatik betidanik eduki dut Lizardiganako halako nahikundea edo zerbait berezia. Alde horretatik, disko honen burutzeak asko esan nahi du niretzat”.

Beste hamaika urte pasatu ziren hurrengo diskoa argitara eman arte, Larogeitamazazpi (Elkar,1997). Urte horietan guztietan musikatutako olerkien bilduma moduko bat izan zen, Orixe, Lizardi, Xabier Lete, Gabriel Celaya, Jon Mirande eta William Shakespeareren testuekin.

2007an lan berria argitaratu zuen, Hamabi amodio kanta (Elkar, 2007). Charles Bordes musikagile frantziarrak XIX. mendearen erdialdean Ipar Euskal Herrian bildu zituen kantuen artean egindako hautaketa da lana. Azken diskoetan bezala, Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musika zuzendaritzaz. Gimenezek berak laguntzen du Valverde zuzeneko emanaldietan.

Azkeneko urteetan honako lan hauek burutu ditu: “Hiru Eleak” (2013, Anjel Lertxundirekin batera), “Hitzak Hotsak” (2020, hainbat poetarekin batera) eta “Gaua, ausentziaren itzala” (2020, diska berria).


Taldea


Ahotsa, pianoa: Antton Valverde.
Biolina: Jurdana Otxoa.
Txeloa: Iván Carmona.
Akordeoia: Joxan Goikoetxea.

Saioak

8 - 19:30.

Prezioa

15 € /beherapenak

Arriagaren lagunek:
% 25eko DESKONTUA.

Taldeek, gazteek, 65 urtetik gorakoek, langabetuek, familia ugariek eta % 33tik gorako desgaitasuna dutenek:
% 20eko DESKONTUA.

Azken orduko deskontua (aipaturiko kolektiboentzat, Arriagaren lagunentzat izan ezik):
% 50eko DESKONTUA

Azken orduko deskontua Arriagaren lagun gazteentzat:
% 70eko DESKONTUA.

Desgaitasuna duten pertsonek gurpil-aulkia badarabilte:
% 50eko DESKONTUA (eszenaurreko palkoan eta laguntzaile batekin).
TOP